Dendak Bai merkataritzaren sari nazionaletan 2021

Dendak Bai merkataritzaren sari nazionaletan 2021

Dendak Baik, Durangaldeko Merkataritza eta Ostalaritza Elkarteak, aipamen berezia jaso berri du 2021eko Barne Merkataritzako Sari Nazionaletan, merkataritza elkarteen lana aitortzen duen merkataritza-gune irekien kategorian.

Atzo Madrilen egindako sari banaketan Alex Palacios presidentea eta Miren Garrastazu merkataritza teknikaria izan ziren elkarteko ordezkari gisa.

Dendak Bai elkartearentzako, aitorpen hau oso garrantzitsua da, ibilbide luze baten emaitza baita. Egunez egun egiten den lanaren eta ahaleginaren aintzatespena da, elkarteen garrantzia azpimarratzeaz gain, pandemian zehar areagotu dena, Reyes Maroto Industria, Merkataritza eta Turismoko ministroak eta Xiana Mendez Merkataritzako Estatu idazkariak ekitaldian adierazi zutenez. Horren erakusgarri dira gaur egun Dendak Bai osatzen duten 191 merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu establezimenduak, 13 establezimendu gehiagorekin 2020an, eta urtea ixtea falta den arren, 15 gehiagorekin 2021ean.

Duela 37 urte sortu zenetik, eta batez ere azken urteotan, Dendak Bai tokiko merkataritza indartzearen alde ari da lanean hainbat ekintzaren bidez: aholkularitza, laguntzen tramitazioa, etxez etxeko banaketa-zerbitzua, Durango Txartela fidelizazio-txartela, ekitaldi eta kanpainen antolaketa, prestakuntza, lan-poltsa,… Azken batean, bezeroei balio erantsia eskainiko dieten tresna lehiakorrak sektoreari emateko lan egiten du.

Sari hauek, 2021ean 24. edizioa ospatzen dutenak, urtero aintzatesten dute udalen kudeaketa tokiko merkataritzari laguntzeko hiri-berrikuntzako jardueretan, bai eta saltoki txikiei eta merkataritza-guneen elkarte irekiei ere, enpresak garatzeko eta modernizatzeko lanean.

 

Idiomas
Scroll al inicio